Auzoko programaren lehiaketak badu irabazlea: Xabier Munibe ikastolako Garazi Odriozola. Lehiaketa honetan munduan zenbat hizkuntza hitz egiten diren galdetu zen, eta 500 lagunek hartu zuten parte, Floreaga, Xabier Munibe eta Elkargunean ezarritako kutxetan erantzunak sartuta. Zozketa bidez aukeratu dute irabazlea, eta joko bat jasoko du. Orain bigarren lehiaketa bat egingo da, Urola Ikastolan. Honako galderari erantzun beharko diote hango ikasleek: "Zenbat hizkuntza hitz egiten dira Azkoitian?". Parte hartzeko, ikastetxean bertan jarritako kutxan sartu beharko dira erantzunak. Lehiaketaren ostean, Auzoko zer den azaltzera joango da ikastetxe horretara programaren dinamizatzaile Tere Aldalur.
Azkoitiko Hodandakinen lan taldea martxan da. Atzo (asteazkena) izan zen aurreneko bilera, eta eragile eta herritarren artean, 30 lagun inguru bildu ziren bertan, tartean Udalean ordezkaritza duten alderdi guztietako kideak, PSEkoa izan ezik. Azkoitiko udaleko ingurumen teknikariak eta Mankomunikateko teknikariek herriko eta eskualdeko datuak eman zituzten; herrian zenbat bereizten den, azken urteetako eboluzioa, zenbat diru kostatzen den... Datuok argi erakutsi zuten Azkoitian bereizte tasa oso eskasa dela, eta urteak aurrera egin arren, herritarrek ez dutela gehiago bereizten. Egoera horren inguruan kezka agertu zuten bertaratutakoek eta horri nola buelta eman hausnartu zuten; besteak beste, gaikako bilketak zergatik ez duen aurrera egiten, nola hobetu daitekeen, bosgarren edukiontzia zergaitik dagoen estankatuta edo herritarrak kontzientziatzeko zer egin daitekeen aztertu zuten. Saio horretan emandako datu guztiak eta ateratako ondorioak laster jarriko ditu sarean Udalak, herritarrek eskura izan ditzaten, eta euren ekarpenak egiteko modua izan dezaten.
Familia giroan programaren barruan, beste ekintza bat antolatu du Abarketatxo ludoketak martxoaren 17rako. 0 eta 12 urte aretko haur eta haien gurasoentzat "Gu ere pilotari!!" ekintza antolatu du, guraso, haur eta beste familien arteko harremanak errazteko, dibertsio, jolas eta irteeren bidez. Plaza mugatuak dira, eta izena martxoaren 13a baino lehen eman behar da, Abarketatxo Ludotekan bertan.
Urola Erdiko Mankomunitateak 2012ko hondakinen kudeaketa datuak eman ditu eta ondorio aipagarriak erakutsi dituzte datu horiek: 13.323.767,01 kilo hondakin sortu ziren eskualdean iaz. Lapatxen gertutasuna kontuan harturik, oraindik, gaur, eta zabortegiek sortzen dituzten arazoen eta ongizatean sortzen duen kaltearen jakitun, 9.000 tona hondakin botatzen jarraitzen da eskualdean, bereizi gabe eta batez beste, pertsonako 300 kilo errefusatik gora sortu dituzte urtean bailarako herritarrek. Bereizte eta berziklatze datuak hobetzen ari dira urtetik urtera, baina oraindik egiteko asko dagoela nabarmendu du Leire Etxaniz mankomunitateko lehendakariak, eta bide horretan lanean segituko dutela adierazi du.
Iazkoak izandako arrakasta ikusita aurten ere II. MINTZALAGUN PINTXO LEHIAKETA egin da. Otsailaren 22an egin zen, Elkargunean, eta zortzi taldek hartu zuten parte. Mikel Alkorta, Javier Camon eta Agurtzane Epelde epaimahaikideen hitzetan, egindako pintxoek goxoak, landuak, imajinazioz aurkeztuak eta maila oso altukoak izan ziren. Azkenean, Juan Karlos Merino, Pili Jimenez, Delia Santamaria, Jose Mari Darias eta Lurdes Albonigak osatutako taldearen pintxoa izendatu zuten onena, Karakola eta barea izeneko mokadutxoa hain justu. Irabazleek Koxka tabernan afaria irabazi zuten.