Indarkeria matxistaren ondorioz, emakume bat hil zuten atzo Antsoainen (Nafarroan). Erahilketa hori salatzeko elkarretaratzea deitu du Azkoitiko emakume mahaiak, biharko, (larunbata, hilak 2), 12:00etan, herriko plazan. Azkoitiko Udalak ere bat egiten du salaketa horrekin eta elkarretaratzean parte hartzera deitzen ditu herritarrak.

Urola Erdiko enplegu plana azken fasean sartu da. Dagoeneko jaso eta aztertu dira partaidetza foroan parte hartutako eragile eta herritarrek proposatutako proiektuak eta aukeraketa ere egin dute bailarako udalek eta Loiola Berrikuntzak (Fundazio hori ari da egiten enplegu plana udalentzat). Hiru proiektu aukeratu dituzte eta hiru proiektu horiek garatu dira: eskualdean Ekobailara bat garatzeko sei lanpostu sortzea, langabezian eta erregulaziopean dauden langileentzat formazio espezializatua, eta autoenplegu proiektuak sustatzea. Bailarako udaletako alkateek azaldu dutenez, hitzetatik ekintzetara pasatzea lortu da, enplegua sortzeko ekintza zehatzak jarriko dira martxan, eta hori aurrerapausoa delakoan daude.

 

Asteazkenean (hilak 30) ur hornidura sarea hobetzeko lanak direla eta, ura moztuko dute herriko hainbat gunetan 15:00etatik 18:00etara. Honako guneetan moztuko da ura: Nemesio Otaño, Balda, Idiakez, Ertzaintza, Balentin Olano, Altuna Portu, Tomas Larrazpuru, Joakin Egia, Ama Josefa, Jose Egino, Rikardo Otaño, Azkoitiko zalduntxoak, Bizenta Mogel, Azpeitia, Tolosa, Donostia, Beidazar, Altamira auzoa Kukuherri aterpetxea eta Txalon Errekan. Zalantzak argitzeko: 902 30 22 22.

"Arrakastaz saltzeko tresna nagusiak" izenburupean bi tailer antolatu ditu Iraurgi Lantzenek.  Bi tailer horietan eskualdeko mikroenpresa eta enpresa txikietako arduradun eta nagusiekin bilduko dira enpresaren arlo komertzialean sakontzeko helburuarekin. Besteak beste, honako kontuak landuko dira tailer horietan: salmenta proaktiboan arrakasta lortzeko beharrezko tresnak, nola kudeatu salmenta egunerokoan, bezero berriak erakartzeko urrats garrantzitsuak, nola komunikatu produktuen / zerbitzuen onurak euren ezaugarri eta abantailetatik abiatuz... Tailerrak otsailaren 5ean eta 19an izango dira, Intsausti Jauregian, 09:00etatik 13:00etara, eta dagoeneko eman daiteke izena.

 

Kontsumitzaileen Informazio Bulegoa eta Herrixe Merkatari elkartearena tokiz aldatu dira. Orain arte kultur etxeko aurreneko solairuan zeuden bi bulego horiek, baina orain eraikin bereko laugarren pisura joan dira. Aurreneko solairuan Zubixe elkartearen arropategia jarri dute.

Bi aste gelditzen dira Inauteriak iristeko eta Udalak prest du jada festetako egitaraua. Urtero legez, mozorro lehiaketa egongo da larunbat gauan eta sariketan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute, otsailaren 7a baino lehen, Udalaren harrera bulegoan.

Ordenantza fiskalak onartzeko urteroko prozedura jarraitu du Udalak: batzordeak eta bilkura osoak dagozkien moduan eta dagozkien epeetan egin zituen. Baina erakundeen artean egon diren koordinazio eta komunikazio arazo tekniko batzuk medio, ordenantza horien azken aldaketak ez ziren Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean 2012ko abenduaren 31 baino lehen publikatu. Ondorioz, aldaketa horiek ezin dira aplikatu 2013an.

Horrek, Ondasun Higiezinen Gaineko Zergari (Kontribuzioari) eragingo dio batez ere: urte honetan zerga horri ez zaio KPIrik aplikatuko eta etxebizitza hutsei ezartzekoa zen errekargoa ez da aplikatuko.

Guzti horrek herritarrei eta Udalari eragin diezaizkieken arazo eta eragozpenak zuzentzeko ahaleginetan ari da udal gobernua. Bere esku dagoen guztia egingo du eta aurrera begira horrelakorik berriro gerta ez dadin bitartekoak jarriko ditu.

Al Ar Az Og Or Lr Ig
1
2
3
4
5
6
7
8
9
10
11
12
13
14
15
16
17
18
19
20
21
22
23
24
25
26
27
28
29
30
© 2019 Azkoitiko Udala. Lege oharra