Urte berria lokal berriarekin estreinatu du Zubixe elkarteak. Lehen kultur etxeko 4. pisuan zeuden, eta orain aurreneko pisua egokitu dio Udalak, euren eginkizunetarako toki gehiago izan dezaten. Izan ere, arropategiko material guztia gordetzeko txiki gelditu zitzaien goiko lokala, eta orain egokiago antolatzeko modua dute. Hori aprobetxatuta, gainera, arropategiko erropak konpontzeko bi josteko makina jarri dituzte, nahi duenak erabiltzeko edo erabiltzen ikasteko.

 

Xabier Munibe ikastolaren azpiegiturak hobetzeko obra batzuk egin ditu Udalak Gabonetako opor garaian eta dagoeneko nabarmenak dira onurak. Zehazki, jolastokian, haur txikien komunean, jangelan eta eraikin zaharrean egin dituzte lanak, denak ere orain arteko azpiegiturako hobetu eta konpontzeko. Guztira 81.000 euro kostatu dira lan horirek.

 

EHAZE Euskal Herriko Antzerki Zaleen Elkartearen sarean sartu da Azkoitia, eta horri esker, urte osoan zehar hilero-hilero euskal antzerki bat ikusteko aukera izango da herrian. Koldarrak antzerki taldearena izan da ekimena: antzerkia egiteaz gain, herrian antzerkia sustatzea ere nahi zuen taldeak, eta EHAZEren sarearen berri izan zuen. Ideia interesagarria iruditu eta kultur mahaiarekin batera, sare horretan sartzea pentsatu du, eta Udalaren laguntzari esker, hala egitea lortu du. Hala azaldu du Itziar Elias Koldarrak antzerki taldeko kideak. Horri esker, hilero euskarazko antzezlan bat izango da Baztartxon. Hil honetakoa ostiralean bertan izango da: Gilkitxaro taldearen '8 begi' antzezlana emango dute, 20:30ean, Baztartxon, 3 euroren truke.

 

Azkoitiko Udalak bat egiten du urtarrilaren 12an euskal preso politikoen eskubideen alde Bilbon egingo den manifestazioarekin eta bertan parte hartzera deitzen ditu herritarrak. Horren adierazle, abenduaren 27ko plenoan Herrirak aurkeztutako mozioa onartu zuen Udalak, eta mozio hark jasotzen duenarekin bat eginda, Espainiako Gobernuari eskatzen dio euskal presoen eta haien hurbilekoen giza eskubideak errespetatzen dituen espetxe politika bat aplikatzeko. Neurri hauek zigorra bizilekutik gertu betetzeko eskubidea eta osasun eskubidea bermatu behar dituzte, baita beraien zigorra bete duten presoen askatasuna eta zigorraren 3/4ak edo 2/3ak bete dituztenen baldintzapeko askatasuna.

 

Azterketa garaia badatorrela eta, asteburuetan ikasgelak irekiko ditu Elkarguneak 18 urtetik gorako bazkideentzat. Bi ikasgela egongo dira: bat bakarka ikasteko eta bestea talde lanetarako, eta wifi zerbitzua izango dute biek. Elkargunearen ohiko ordutegian egongo da zabalik.

Errege magoek ilusioa eta opariak ekarri dizkie azkoitiarrei eta giro ederra izan da asteburuan herrian. Larunbateko kabalgatarekin amaitu dira Gabonetako ekitaldiak. Jende ugari eta giro polita egon da egunotan herrian eta Udala gustura dago antolatutako ekitaldien emaitzekin.

Abenduaren 26an kalean agertu zen astoaren jabea azaldu da azkenean. Orain egun gutxi jarri zen astoaren jabea Udaltzaingoarekin harremanetan eta dagoeneko eraman du bere baserrira. Udaltzaingoak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei, kontu honetan erakutsitako laguntzagatik.

Urte berria hasteko "bi albiste on" eman ditu Azkoitiko Udalak. Hala adierazi du Pello Bastarrika alkateak. Izan ere, batetik, Bernando Ecenarro enpresa herria etortzeko beharrezko azkeneko tramiteak egin ziren iragan astean, eta horren ondotik, astelehenean bertan (urtarrilak 7) hasiko dira eraikin berria egiteko zimentazio lanak. Bastarrikak azaldu duenez, azken hilabeteetan egindako ahalegin, gestio eta bilera ugariren emaitza izan da albistea, eta "oso gustura" daude ahalegin horren fruituarekin. Horrez gain, Santa Klara kaleko etxebizitza berrien inguruan zegoen korapiloa askatzea ere lortu du Udalak, eta horrekin ere gustura agertu da alkatea.

 

Al Ar Az Og Or Lr Ig
1
2
3
4
5
6
7
8
9
10
11
12
13
14
15
16
17
18
19
20
21
22
23
24
25
26
27
28
29
30
© 2019 Azkoitiko Udala. Lege oharra