Iaz, 30 lagunek atera zuten gidabaimena euskaraz, eta ahalegin hori aitortu nahi izan die gaur Udalak lagun horiei: lorpen hori txalotzeko, diploma bana eman die, eta guztien artean bi afari zozkatu ditu, opari gisa.Gorka Zubizarreta eta Borja Zubizarretak irabazi dituzte bi afariok. Agurtzane Epelde Euskara zinegotziak banan bana zoriondu ditu gidabaimena euskaraz atera duten lagunak, eta Etxaniz Autoeskolari bereziki eskertu dio euskararen alde urteetan egiten ari den ahalegina.
Larunbatean itxi zituen ateak Gabonetako haur parkeak eta arrakasta itzela izan du irekita egon den hiru egunetan: 1.000 lagun baino gehiagok hartu dute parte da bertan antolatutako ekintzetan. Puzgarriak, margotzeko tailerrak... adin guztietako umeen neurrirako ekintzak egin dituzte aurtengoan ere, guztiak ere dinamizatzaileek gidatuta, eta ondo baino hobeto gozatu dute bertaratu diren ume zein gurasoek. Ostegun eta ostiralean ibili da lagun gehien, behin behineko datuen arabera.
Aurten, aurreneko aldiz, Gabonetako azoka berezia egin da abenduaren 27tik 30era, eta herriko plaza inguruak ikutu berezia hartu du. Artisauak, jakiak, taberna berezia, aurrentzako garai bateko jokuak... Ekintza ugari izan dira egunotan, musika eta kale ikuskizunez bustita, eta horrek jende ugari erakarri du plazara. "Bertaratu diren herritarrek gustura hartu dute ekimena, egun hauetako kale giroa animatzeko balio izan duelako".
Ez ohiko udalbatza izan zen atzo (osteguna) eta besteak beste, langileen abenduko ezohiko ordainsaria nola bideratu erabaki zen bertan. Langileekin aurretik adostuta, 2013ko ekaineko ordainsaria aurreratzea erabaki du Udalak eta ordainsari hori urtarrilean kobratuko dute langileek. Neurri hori berez langileei soilik dagokie eta politikariek kobratu dezakete abenduko ordainsaria baina langileekin bat egin eta euren buruari ere neurri bera ezartzea erabaki du udal gobernuak. Horrez gain, 2013ko tasa definitiboak ere onartu ziren atzoko saioan (dagozkien aldaketak eginda) eta baita Azkoitia Lantzenek beharrezkoa duen diru bat eskuratzeko kreditu aldaketa bat ere. Horrez gain, PSOEk giza eskubideen alde aurkeztuta eta Bildurekin adostutako mozio bat eta Herrirak presoen eskubideen alde aurkeztutako beste bat ere onartu ziren atzoko saioan.
Hemen, atzoko plenoan onartutako gaien zerrenda