Euripean izan bada ere, dotore joan da umeen danborrada. Haurrek ilusioz eta irribarretsu astindu dituzte danborrak eta barrikak. 6 eta 12 urte bitarteko 240 neska eta mutil atera dira kalera, bost taldetan, gastadoreekin eta sukaldari txikiekin batera. Desfilea ixteko, karroza dotorea prestatu dute antolatzaileek, Umore Ona Elkarteak, Tata Danborrada Taldeak eta Udalak. Eguraldiak ez du utzi plazan geldialdirik egiten, eta Balda plazatik zuzenean joan dira danbor-joleak frontoira baina euriak ez du partaideen aldarte ona aldatu. Argazkiek erakusten dute ondoen arratsaldeak eman duena.

Tags:

Dena prest dago larunbateko haurren danborradarako. 240 haurrek hartuko dute parte aurtengo edizioan, eta danborrei eta barrikei hautsak kendu, eta Azkoitia martxa bezalako doinu hunkigarriak eskaintzea tokatuko zaie, ikus-entzuleen gozamenerako. Bost taldetan banatuko dira danbor-joleak, eta gastadoreak eta sukaldari txikiak izango dituzte bidelagun. Karrozak itxiko du desfilea. Umore Ona elkarteak, Tata Danborrada Taldeak eta Udalak "munduko ilusio guztiarekin" antolatu dute beste behin danborrada. Umeei iritsi zaie jantzi dotoreak soinean dituztela, kalera atera eta danborradaz gozatzeko eguna.

Udalak Gerra Zibileko eta diktadura frankistako memoria historikoa berreskuratzeko lanketa egin zuen iaz, aldi hartan urratutako giza eskubideak ezagutzera emateko asmoz. Lanketa Aranzadi Zientzia Elkarteak garatu du, eta ikerketa lanaren harira, bi hitzaldi eskainiko dira, apirilaren 18an eta 25ean.
Lehenengo hitzaldia Jabier Buces historialariak emango du "Azkoitia 1936-1959. Giza Eskubideen Zapalketa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoko Garaian" izenburupean.
Bigarren hitzaldia apirilaren 25ean izango da, Jone Zuloaga historialariaren eskutik. Emakumeen aurkako errepresio frankista gerra garaian eta gerra ostean izango du hizpide.
Bi hitzaldian 19:00etan izango dira Elkargunean.

Udala ibaia garbitzen ari da egun hauetan. Aurreko astean hasi zituzten lanak Txukun Lorazantza enpresako sei langilek, Udalak eskatuta. Gutxi gorabehera hiru kilometro pasa garbituko dituzte.
Joan zen astean Elosuko bidegurutze paretik hasi ziren garbiketa lanetan. Ipintzatik Jausorora arteko ibai zatia ari dira garbitzen, 1.93 km-ko tartea, eta jarraian, Santa Klara eta Txerloia arteko zatia garbituko dute, beste 1,3 km luzerako zatia.

Argazkietan ikusten den moduan, jasotako hondakin kopurua esanguratsua da. Horrek hausnarketa eskatzen du, ibaira edozer botatzea onartezina delako.

Tags:

Urtero bezala, Azkoitiak Aste Santua ospatuko du datozen egunetan, eta hainbat bisitari gerturatuko da herrira, prozesioek duten ukitu turistikoa tarteko. Egun handia Ostiral Santu eguna izango da. Arratsaldean Pasioaren prozesioa egingo da, eta gauez, Hilobirako Prozesio Santua. Intentsu usaaina, Chopinen hileta-martxaren doinuak eta armatuen lantzen danbadak izango dira nagusi. Ikusi HEMEN egitarau osoa.

Udalak joan den astean gertatutako adin txikiko neska baten kontrako erasoa irmoki salatu du, Azkoitiko herriak ez duelako inoiz onartuko emakumeen aurkako inolako bortizkeriarik. Udalak babesa helarazi dio biktimari, eta dituen baliabideak bere eskura jarri ditu.
Gaur eguerdian Udaleko Bozeramaile Batzordea bilduta egon da, egoera aztertzeko. Izan ere, biktima adin txikikoa izanik, Udalaren lehen ardura da biktima ez birbiktimizatzea, eta bere zein gurasoen borondatea errespetatzea egoera salatzeko antola daitezkeen ekintzen aurrean.

Herritar guztiei adierazten zaie datozen maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan erabiliko den  Hauteskunde Zentsoa,  Udaletxeko Harrera Bulegoan ikusgai egongo dela, apirilaren 10etik - 17ra bitartean, biak barne, beharrezko kexak aurkezteko. 

Erreziboak helbideratuak dituztenei jakinarazten zaie apirilaren 5ean Ibilgailuen Gaineko Zerga kobratuko dela. Helbideratu ez diren erreziboak posta arruntaz bidali dira. Dagoeneko jaso ez dutenek  Azkoitiko Udaleko Harrera Bulegoan eskatu beharko dute. Borondatezko epea, errezibo horiek ordaintzeko, apirilaren 21ean amaitzen da.

Al Ar Az Og Or Lr Ig
1
2
3
4
5
6
7
8
9
10
11
12
13
14
15
16
17
18
19
20
21
22
23
24
25
26
27
28
29
30
© 2019 Azkoitiko Udala. Lege oharra