Irristadak saihesteko eta erorikoak prebenitzeko, Udalak beharrezkoa ikusten duen guneetan ez labaintzeko tratamendua ematen du. Bihar, Aizkibel kaleko bi aldeetako espaloietan emango da tratamendua. Lanak gauez egingo dituzte, bihar, asteartea, 22:00etan hasi eta asteazken goizaldeko 03:00etara bitartean. Ez-labaingarria eman ostean, lehortu egin behar du, eta horixe da gauez lanak egitearen arrazoia, ez delako komenigarria oinezkoak ibiltzea ondo sikatu bitartean. Ziur enpresa arduratuko da lanetaz.
San Jose Egoitzan zentroan bertako jaiak ospatu dituzte astean zehar, eta gaur Sendiaren Egunaz gozatzeko aukera izan dute. Ohiturari jarraituz, familien bisitez gain, udal ordezkariak hurbildu dira egoitzara, egoiliarrekin egoteko eta oparitxo bana emateko. Bertan izan dira Javier Zubizarreta alkatea eta Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Janire Igoa, eta bidelagun izan dituzte Ana Azkoitia eta Ainara Goenaga udal ordezkariak ere.
Covidaren krisia atzean uzten ari garen honetan, alkateak animozko hitzak eta mezu baikorra luzatu nahi izan dizkie egoiliarrei.
Autismoaren errealitatea bistaratzeko eta errealitate ezberdinak gizarteari erakusteko asmoz, Gautenak urtero Urdinduz martxa solidarioa antolatu ohi du. Aurten, Gautenak eta Marea Urdinak indarrak batu dituzte Urdinduz 2023 antolatzeko. Azkoitiak "Sexberdinak" antzezlanaren emanaldiarekin hartuko dute parte Urdinduz 2023 egitasmoan.
Gaur aurkeztu dute ekimena eta bertan izan da Kultura zinegotzi Sonia Vazquez Azkoitiko Udalaren eta herriaren babesa erakusteko. Izan ere, arduradunek dioten moduan, "denok gara ezberdin eta aldi berean, denok gara berdin".
Aste honetan bertan hasi dira Floreaga auzoko irisgarritasuna hobetzeko bigarren fasea gauzatzeko lanak. Bost hilabeteko epean, auzokideek bigarren igogailu bat erabili ahal izango dute, bien artean 16,5 metroko desnibela gaindituz. "Auzokideekin hartutako konpromisoa bete dugu", esan du Javier Zubizarreta alkateak. "Agindu genien legealdi honetan lehen bi faseak gauzatuko zirela eta lortu dugu emandako hitza betetzea, eta aurrera begira ere, ahalegin guztiak egingo ditugu fase guztiak lehenbailehen aurrera ateratzeko".
Bidea Eginez! lelopean dator 30. AzkoitiAzpeitia nazioarteko maratoi erdia. Beste urtebetez, Diego Garciaren esentzia indartuz, festa eguna izango da martxoaren 25a. Antolakuntzak, Agustin Jimenez buru dela, atzo prentsa agerraldia egin zuen babesleek eta boluntarioek egiten duten lana eta ekarpena eskertzeko. Bertan izan zen Angel Martin Kirol zinegotzia, antolatzaileen lana babesteko eta herritarrak parte hartzera animatzeko.
Azkoitiko Udalak ingurumenarekin lotutako jarduerak edo programak gauzatzeko dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik du. Eskaera egiteko azken eguna apirilaren 24a izango da.
Onuradunak izan daitezke irabazi asmorik ez duten eta euren jarduera-eremua Azkoitian duten entitate, elkarte, klub, erakunde edota sozietateak. Baita ingurumenaren alde lan egiteko eskuarki Azkoitian elkartzen diren gizabanako eta taldeak ere.
Sailak 8.899 pertsona artatu ditu 2022an
Udaleko Gizarte Zerbitzuetan aurretiko hitzordua eskatzen duten bizilagunek sms bat jasoko dute automatikoki beren mugikorrean, finkatutako eguna eta ordua baino 24 ordu lehenago, gogorarazpen gisa. Hitzorduak kudeatzeko sistema berriak eskaintzen duen abantailetako bat da.
"Gizarte Zerbitzuen sailean lau gizarte-langilek egiten dute lan eta harreran, beste bi pertsonek. Hitzorduak ondo koordinatu beharra dago, eta sms-a garrantzitsua da zeren gerta daiteke ordua eskatu duen erabiltzaileari ahaztea eta tarte hori hutsik geratzea. Azken batean, zerbitzua optimizatzen laguntzen du", adierazi du Janire Igoa Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak.
Gaur hasi eta larunbatera arte, aste berezia dute San Jose Egoitzan, bertako jaiak ospatuko baitituzte. Lehen egun horiei Adinduen Astea deitzen bazioten ere, izena aldatzea erabaki dute eta San Jose Zentroko Jaiak deitu diote antolatutako egitarauari.
Aurten ilusioz heldu die egitarauari, azken urteetan, pandemia tarteko, ez dutelako egoitzan bertan eskolen eta beste taldeen bisitarik jaso ahal izan.
Aste honetan bertatik igaroko dira Bizilore Eskola Aktiboa, Floreaga Ikastetxa, Xabier Munibe ikastola eta Azkoitia BHI, eta Bizkargi Musika eta Dantza Eskola.